en  fr  cs  de  et  el  es  ga  hr  it  pl  ro  sq  sk  sl  sv  nn  sr  bs  lt  mk  lb  nl  hy  pt  tr  da  bg  fi  hu  ka  lv  eu  ca  ru  gl

Hizkuntza-aniztasuna ospa dezagun

Giza izaera

Gure planetan zazpi mila milioi biztanle baino gehiago bizi dira, eta 6.000-7.000 hizkuntza desberdinetan mintzo dira. Hizkuntza horietako batzuek, ingelesak edo txinerak esaterako, milioika hiztun dituzte, baina beste batzuek, berriz, oso gutxi. Izatez, biztanleen % 4 soilik mintzo da munduko hizkuntzen % 96an. Europarrek pentsatu ohi dute hizkuntza kopuru handia dagoela Europan, batik bat Ipar Amerikarekin edo Australiarekin konparatuz gero. Baina hizkuntza guztien % 3 soilik –225– dira europar jatorrikoak. Munduko hizkuntza gehienak ekuatorearen bi aldeetara dagoen zonalde zabalean mintzatzen dira –Asiako hego-ekialdean, Indian, Afrikan eta Hego Amerikan–.
Europar askok pentsatu arren elebakarra izatea dela normalena, benetan munduko biztanleen erdiak eta bi herenak elebidunak dira nolabait, eta asko eta asko eleaniztunak. Eleaniztasuna izaera naturalagoa da gizakientzat, beraz, elebakartasuna baino.

Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna, biodibertsitatea bezala, gero eta gehiago hartzen da zerbait positibo eta eder gisa. Hizkuntza bakoitzak mundu-ikuskera propioa du, eta bere historiaren ondorio da; hizkuntza guztiek dute identitate indibiduala eta balioa, eta guztiak dira egokiak, adierazpen-modu gisa, erabiltzen dituzten pertsonentzat.  Haurrek hitz egiten ikasteko duten abiadurari buruzko datuek erakusten dute ez dagoela, berez, gainerako hizkuntzak baino zailagoa den hizkuntzarik. 

Hizkuntzaren egitura

Hotsen eta sinboloen sistema arbitrario bat da hizkuntza, eta pertsona-taldeek hainbat helbururekin erabiltzen dute: komunikatzeko, kultura-identitatea erakusteko, harreman sozialak sortzeko, gozamenerako iturriak eskaintzeko (literatura, adibidez)... Hizkuntzak hotsak, gramatika, lexikoa eta diskurtsoa osatzeko moduarekin desberdintzen dira euren artean. Hala ere, hizkuntzak erakunde konplexuak dira eta haien bokal zein kontsonanteen soinuak dozenatik ehunera doaz. Europako hizkuntzek soinu kopuru oso desberdinak dituzte: gaztelaniak, esate baterako, 25 ditu; irlanderak, berriz, 60. Alfabetoek zehaztasun desberdinez islatzen dituzte soinuak: alfabeto batzuetan (galesean, esaterako) oso erregularrak dira soinuen sinboloak egiterakoan. Beste batzuk, berriz (adib. ingelesa), oso irregularrak.  Gramatikari dagokionez, hizkuntza bakoitzak hitzak eta esaldiak osatzeko milaka arau erabiltzen ditu. Erabiltzailearen beharrak asetzeko, hizkuntza bakoitzak lexiko zabal bat izaten du –Europako hizkuntzen kasuan, lexiko zientifiko eta tekniko zabala dutenez, 50.000 hitz edo esaldi–. Ezagutu arren erabiltzen ez diren hitzak –lexiko pasiboa– askoz gehiago dira. Hizkuntza biziak eta kulturak etengabe ari dira aldatzen, eta pertsonek elkarri eragiten diote hitz egitean eta idaztean. Komunikabide berriek (Internet, esaterako) hazteko aukera berriak eskaintzen dituzte. Hizkuntzak etengabe daude harremanetan, eta elkarri eragiten diote modu batean ala bestean, batik bat erdarakadak erabiliz. Ingelesak, adibidez, 350 hizkuntzatatik jaso ditu hitzak, eta gaur egun Europako hizkuntza guztiek erabiltzen dituzte ingeles jatorriko hitzak. 

Hizkuntzaz jabetzea

Ama-hizkuntzaz jabetzea bizitzako lehen bost urteean egiten da, nahiz eta hizkuntzaren zenbait ezaugarri (hala nola lexikoa eskuratzea) bizitza osoan zehar ikasten diren. Hizkuntza etapa desberdinetan garatzen da. Bizitzako lehen urtean haurra hasten da soinu batzuk sortzen; haietatik erritmoa eta intonazioa sortuko dira, eta, azkenik, bokalak eta kontsonanteak. Lehen hitz ulergarriak lehen urtean zehar iristen dira; bigarren urtean, berriz, bi hitzeko konbinazioak, eta pixkanaka-pixkanaka haurra hiruzpalau hitzeko esaldiak egituratzen hasten da. Hiru edo lau urteko haurrak esaldi gero eta konplexuagoak eta luzeagoak erabiltzen hasten dira. Berez, 18 hilabeterekin 50 hitz aktiboko lexikoa izatetik milaka batzuetara hazten da bost urte betetzean. Ama-hizkuntzatzat hartu ohi da pertsona batek ikasten duen lehen hizkuntza edo hasierako hizkuntza, eta hori izaten da ondoen ezagutzen duguna, gehien erabiltzen duguna edota gehien identifikatzen gaituen hizkuntza. Zenbait pertsona elebidunek bi hizkuntza hain modu hertsian ikasten dituzte ezen ez baitira gauza "lehenengo" eta "bigarren" hizkuntzak bereizteko. Hala ere, pertsona elebidun gehienentzat argiagoa da bereizketa, bigarren edo hirugarren hizkuntzaren jabetza eskolan edo aurrerago egin delako. Ez dago beste hizkuntza bat ikasteko adin-mugarik. Elebitasuna oso fenomeno konplexua da. Oso zabaldua dago pertsona elebidunak hizkuntza-gaitasunak bi hizkuntzatan modu berean garatuta dituela dioen mitoa. Beste uste oker bat da, berriz, elebidun guztiek gaitasun berdintsuak dituztela. Azken finean, elebidunek elebiduntasun-mota desberdinak izaten dituzte. Adibidez, batzuek jatorrizko hiztunen doinua dute bi hizkuntzetan; beste batzuek, berriz, kanpotar doinua dute bietako batean. Batzuek ondo irakurtzen dute bi hizkuntzetan; beste batzuk bakar batean soilik moldatzen dira. Batzuek nahiago dute hizkuntza batean idatzi, baina beste hizkuntzan hitz egiteko gauza dira soilik. Elebitasunak beste hizkuntza bat ondo ikasteko prozesuan lagun dezake; hirugarren hizkuntza bat ikastea errazagoa da bigarren bat ikasi eta gero. Ikerketen arabera, pertsona elebidunen aurreratzeko gaitasuna azkarragoa izan daiteke hiztun elebakarrena baino ezagutzaren garapen goiztiarraren zenbait eremutan, eta haien hizkuntza-gaitasunak sortzaileagoak dira hein handi batean. Elebidunek jende askorekin komunikatzeko abantaila izugarria dute. Bi kulturarekin edo gehiagorekin hertsiki harremanetan daudenez, abantaila horrek komunikatzerakoan sentiberagoak izaten lagun diezaieke, eta muga kulturalak ezabatzera eta jatorri desberdineko pertsonen arteko zubiak eraikitzera bultza ditzake.  Baina badira arrazoi praktikoagoak ere: pertsona elebidunek balizko abantaila ekonomikoa ere badute, lanpostu gehiago eskuratzeko aukera izango baitute. Gainera, enpresa eleaniztunak lehiakorragoak dira merkatuan elebakarrak baino. 

Hizkuntza-familiak

Hizkuntzak bata bestearekin lotuta daude familiako kideak bezala. Jatorri bakarra dutenez, Europako hizkuntza gehienak indoeuropar hizkuntza-familia bakarrean bil daitezke. Hizkuntza eta hiztun gehien biltzen dituzten Europako hizkuntza-familiak hauek dira: germaniarrak, erromantzeak eta eslaviarrak. Germaniarrek bi adar dituzte. Batetik, iparraldeko adarra, daniera, norvegiera, suediera, islandiera eta faroera biltzen dituena, eta, bestetik, mendebaldeko adarra, alemana, nederlandera, frisiera, ingelesa eta yiddisha biltzen dituena. Hizkuntza erromantzeen familia hauek osatzen dute: errumanierak, italierak, korsikerak, gaztelaniak, portugesak, katalanak, okzitanierak, frantsesak, erromantxerak, ladinerak eta sardinierak. Errusiera, ukrainera, bielorrusiera, poloniera, serbiera, txekiera, eslovakiera, esloveniera, serbiera, kroaziera, mazedoniera eta bulgariera, berriz, hizkuntza-familia eslaviarrekoak dira. Familia zeltaren barruan daude: irlandera, Eskoziako gaelikoa, galesa eta bretoiera. Horiez gain, kornubiera eta Man uharteko gaelikoa berreskuratzeko mugimenduak biltzen dira hor. Baltikoko hizkuntzen familiaren barruan ditugu letoniera eta lituaniera. Greziera, albaniera eta armeniera independenteak dira, eta euskara aparteko kasu bat da, ez baitu harremanik indoeuropar familia bakar batekin ere; haren jatorriak ezezagunak dira. Europan hitz egiten diren beste hizkuntza-familia batzuk: Uraletako hizkuntzak (iparraldean), finlandiera, estoniera, hungariera, Laponiako hizkuntza asko eta Errusiar Federakundearen iparraldean hitz egiten diren beste hizkuntza txiki batzuk, ingriera edo kareliera kasu. Hego-ekialdean, berriz, Altaiko hizkuntzen familiako ordezkariak ditugu: turkiera eta azerbaijanera. Kaukasoko hizkuntzak inguru txiki eta trinko samarrean mintzatzen dira, Itsaso Beltza eta Kaspiar Itsasoaren arteko lurraldean, hain zuzen ere, eta 40 bat daude, georgiera eta abkhaziera, besteak beste. Familia afro-asiarrekoak dira maltera, hebreera eta amazigera. Hizkuntza horietan zeinu-kopuru txikia dago.  Hizkuntza gehienek alfabeto erromatarra erabiltzen dute (edo latinoa); errusierak eta gainerako hizkuntza eslaviarrek, berriz, alfabeto zirilikoa. Grezierak, yiddishak, armenierak eta georgierak alfabeto propioa dute. Jatorriz Europakoak ez diren hizkuntzak, baina Europaren eremuan erabiltzen direnak, arabiera, txinera eta hindia dira, eta horietako bakoitzak idazkera-sistema propioa du. 

Europako hizkuntzak

Neurketa guztiak bat ez badatoz ere, gauza jakina da Europan badirela bertako 225 hizkuntza gutxi gorabehera. Sortetxetik hiztun direnak kontuan hartuz, gehien mintzatzen diren bostak honako hauek dira: errusiera, alemana, ingelesa, frantsesa eta italiera.  Nolanahi ere, Europako herrialde gehienetan hizkuntza bat baino gehiago erabili ohi dira. Kontrakoa salbuespen gisara hartu beharko genuke; hala gertatzen da estatu txiki batzuetan, Liechtensteinen edo Egoitza Santuan (Vatikanoan), baina horietan ere bigarren hizkuntzen erabilera ez da hain txikia. Europako Kultur Hitzarmenaren partaide diren 49 estatuek 42 hizkuntza ofizial edo nazional erabiltzen dituzte, eta haietako askotan estatus berezia ematen diete beste hizkuntza batzuei. Herrialde gehienetan eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzaren bat ere hitz egiten da tradizioz. Denen artean, Errusiar Federazioa da lurralde beraren baitan hizkuntza kopururik handiena biltzen duena: 130 - 200, kontaketarako zer irizpide erabiltzen den. Eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza batzuek hizkuntza ofizialen estatusa lortu dute solastatzen diren eskualdeetan; horra hor, konparazio batera, Espainiako kasuan, euskara, katalana eta galegoa. Hizkuntza eskubide jakin batzuek babesten dute galesa Erresuma Batuan, frisiera Herbehereetan eta samiera hizkuntzak Norvegian, Suedian eta Finlandian. Mundu osotik iristen ari diren etorkin eta errefuxiatuen eraginaren ondorioz, Europa gero eta eleaniztunagoa da. Londresen, esate baterako, 300 hizkuntza baino gehiago entzun daitezke. Beste hiri handiago batzuetan, eta bereziki Mendebaldeko Europan, eskolatutakoen ama-hizkuntzen kopurua 100 - 200 artean dago. Hedadura handienezko hizkuntzei erreparatzen badiegu, arabiera, berberera, turkiera, kurduera, hindia, punjabera eta txinera aurkituko ditugu.  Ordea, hizkuntza horietako anitz gutxiengoenak dira eta ez dute etorkizun segururik; horregatik, gurasoen eta seme-alaben arteko eguneroko elkarrekintza informala funtsezkoa da bizirik iraun dezaten. Adituek aurreikusten dute mende honetan munduko hizkuntzen erdiak edo gehiago galduko direla. Hizkuntza bat erabat galdu daiteke bi belaunalditan, gurasoek seme-alabei transmititzen ez badiete. Arrazoi bat baino gehiago aipa daitezke hizkuntzen galera azaltzeko: komunitate baten edo haren habitataren suntsipen fisikoa (ingurumen arloko krisia eta eritasuna), talde politikoen arteko aurkakotasun aktiboa eta  – maizenik gertatzen dena- hizkuntza boteretsuagoek eta ospetsuagoek eragindako mendekotasun ekonomiko eta kulturala.

Arrazoia edozein dela ere, ondorioa berbera da beti: gizateriak bakarra den baliabidea galtzen du. Hori kontuan hartuz, Europako Kontseiluaren ekinak nazioarteko bi tresna garrantzitsu sortu zituen 1998an. 22* estatu kidek sinatu dute Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta 39* estatu kidek Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru Hitzarmena. Itun horiek bereziki garrantzitsuak dira, Europako hizkuntza aberastasuna babestu eta sustatzen dutelako (*2007an berretsiak). XXI. mendean, europar guztiak ingurune eleaniztunean bizi dira, hau da, egunero topatzen dira hainbat hizkuntza desberdinekin, autobusean edo trenean, telebistan, irratian edo egunkarietan, baita supermerkatuko produktu baten osagaietan ere. Horregatik, beharrezkoa da are jende gehiagok ezagutu eta ulertzea Europako hizkuntza aniztasuna eta zein diren horri eusteko eta horren hazkunderako eragina duten faktoreak. Beharrezkoa da, halaber, hizkuntzekiko interes handiagoa sortzea eta jakin-mina piztea, baita nazioetan eta nazioen artean hizkuntza tolerantzia sustatzea ere. Horiek ziren, hain zuzen ere, Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak antolaturik 2001ean ospatu zen Hizkuntzen Europako Egunaren helburuetako batzuk. Urte hura amaitzeko ekitaldiaren aurreko egunetan, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak erabaki zuen Hizkuntzen Europako Eguna (HEG) irailaren 26an ospatuko zela urtero, urte hartarako ezarri zirenen antzeko helburuekin.