en  fr  cs  de  et  el  es  ga  hr  it  pl  ro  sq  sk  sl  sv  nn  sr  bs  lt  mk  lb  nl  hy  pt  tr  da  bg  fi  hu  ka  lv  eu  ca  ru  gl

Ikasi zerbait gehiago zeinuen hizkuntzari buruz

01

“GOR” hitza, batzuetan letra larriz idazten da eta beste batzuetan xehez. Zer arrazoi dago horretarako?

Gorreriaren inguruko azterlanetan, "Gor" hitza idazteko garaian "G" letra maiuskula erabiltzeak esan nahi du norbait Gorren komunitatekoa dela eta zeinuen hizkuntzaren erabilera lehenesten duela.  Ordea, "gor" hitza idazteko garaian "g" letra minuskula erabiltzen da hitz egiten ari garenean entzumen galera diagnostikatua duten pertsonez, zeinak beharbada ezin baitira Gorren komunitateko kidetzat hartu eta agian ez baitute zeinuen hizkuntza erabiltzen (ikus “Signed Languages in Education in Europe – a preliminary exploration”, Lorraine LEESON, Dublin. Europako Kontseilua. 2006).

02

Zeinuen hizkuntza erabiltzen duten pertsona guztiak gorrak dira edo entzumen desgaitasuna dute?

Ez. Gorren seme-alabek frankotan ikasten dute zeinuen hizkuntza; gurasoen zeinu hizkuntza izanen da haien lehenbiziko mintzaira, ahozko beste edozein baino lehenago. Halaber, haur gorren guraso eta anai-arrebek ere zeinuen hizkuntza ikasiko dute beren arteko komunikazioa errazteko. Orobat, bada zeinuen hizkuntza bestela ere ikasten duen jendea, badutelako hori erabiltzen duen lagunen bat, interprete izan nahi dutelako edo, besterik gabe, ikasteko interesa dutelako.

 

03

Badago zeinuen hizkuntza unibertsalik?

Ez. Badira hainbat aldaera. Herrialde berean izan daitezke zeinuen hizkuntza bat baino gehiago, ahozko mintzairekin gertatzen den bezala. Esate baterako, Belgikan zeinuen hizkuntza bi erabiltzen dira (frantsesaren zeinu hizkuntza eta flandrierarena); Espainian ere hala gertatzen da (gaztelaniaren eta katalanaren zeinu hizkuntzak). Are gehiago, hizkuntza bera erabiltzen den herrialde batzuetan zeinuen hizkuntza desberdina darabilte, adibidez Erresuma Batuan eta Irlandan. Hori horrela gertatzen da bilakaera historiko bat izan dutelako, ahozko hizkuntzarenetik desberdina dena.

04

Zeinuen hizkuntzen artean ere badira "familiak" (ahozko mintzairekin gertatzen den bezala – hizkuntza erromanikoena edo eslaviar hizkuntzena, adibidez), eta horregatik batzuek hobeki ulertzen dute elkar beste batzuek baino?

Bai, zeinuen hizkuntzak ere familiaka multzoka daitezke. Konparazio batera, zeinuen hizkuntza alemana dakienak aiseago ulertzen ditu zeinuen hizkuntza austriarra edo nederlandarra zeinuen hizkuntza italiarra dakienak baino. Bestelakoa da zeinuen hizkuntza britainiarraren kasua, oso desberdina baita beste edozein zeinu hizkuntza europarretatik; harreman bakarra du: zeinuen hizkuntza australiarra.

05



Badago zeinuen hizkuntza nazioarteko bat, “lingua franca”tzat har daitekeena?

Badago nazioarteko komunikazio sistema bat, Gestuno edo International Sign Language (ISL) esaten zaiona. Maiz erabiltzen da nazioarteko biltzarretan eta zeinuen hizkuntza bera erabiltzen ez duten partaideak elkartzen diren bileretan. Hizkuntza osagarri hau lingua franca gisara erabiltzen dute zeinuen hizkuntzaz baliatzen diren herrialde desberdinetako pertsonek, baita elkarrizketa espontaneoetan ere. Dena dela, ezin da esperantoaren parekotzat hartu, sistema hau ez baita hizkuntza bat. Izan ere, ez du ez gramatikarik ezta lexikorik ere; hein handi batean testuinguru jakin batean baizik ulertu ezin diren keinuez osatua dago eta erabiltzen du hiztunaren ama-hizkuntzatik hartutako hiztegia. Horrek esan nahi du zeinuak azaldu egiten direla eta batzuetan zeinu bat baino gehiago erabiltzen dela kontzeptu bat adierazteko, argi ulertuko dela ziurtatzeko.

06

Zeinuen hizkuntzak ahoz / idatziz erabiltzen diren hitzen irudikapena baizik ez dira?

Ez. Erabat garatutako hizkuntzak dira, beren gramatika eta sintaxi propioak dituztela. Edozein hizkuntzarekin gertatzen den bezala, badira itzultzen zailak diren esamoldeak, bai eta beste zeinu hizkuntza batera literalki itzuli ezin diren hitzak/zeinuak ere.

07

Zeinuen hizkuntza bakoitzak badu bere forma estandarra edo batua? Badira "dialektoak" ahozko hizkuntzetan bezala?

Egin izan dira Europako zeinu hizkuntza batzuk estandarizatzeko saio batzuk. Ordea, ahozko hizkuntzekin gertatzen den bezala, saio horiek ez dute arrakastarik izan eta dialektoek bizirik diraute. Hori hala gertatu da, neurri batean, herrialdeetako leku desberdinetan kokatuta dauden Gorren eskolek erabiltzen dituztelako zeinu jakin batzuk, gero haurrek eta gazteenek zabaltzen dituztenak. Asteko egunak eta hilabeteak irudikatzeko zeinuak desberdinak izaten dira maiz batean eta bestean, baita koloreenak ere.

08

Europako Kontseiluko estatu kideetan, zenbat jendek erabiltzen du zeinuen hizkuntzaren bat?

Galdera hori erantzuten zaila da. Ez dago datu fidagarririk estatu kideetan. Zenbatespenen arabera, Europar Batasunean, 750.000 pertsonak erabiltzen dute zeinuen hizkuntza. Batez beste, populazioaren %0,1ek erabiltzen du zeinuen hizkuntza edozein herrialdetan, kopuru horretan sartu gabe zeinuen hizkuntza bigarren hizkuntza gisara ikasten dutenak, guraso gorren seme-alabak eta familiako beste kideak. Finlandian, gutxi gorabehera 5000 pertsona dira zeinuen hizkuntza erabiltzen dutenak; Frantzian, 100.000; eta Errumanian, 20.000tik 30.000ra.

09

Zeinuen hizkuntzari aplikatu al zaio Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritakoa: ikaskuntza, irakaskuntza, ebaluazioa – 35 hizkuntza baino gehiagorentzat erabiltzen dena -?

Frantziako Hezkuntza Ministerioak prestatu zuen Esparru horren (Frantziako bertsioa) zati batzuen egokitzapena zeinuen hizkuntza frantsesarentzat, bereziki erreferentzia maila komunei eta deskribatzaileei dagokienez.

10

Badago zeinuen hizkuntza transkribatzeko modurik?

Bai, zeinuen hizkuntza transkriba daiteke zenbait maneratan. Ez dago zeinuen hizkuntza transkribatzeko era estandarrik, baina askotan erabiltzen da Hanburgoko transkripzio sistema (HamNoSys),  eskuaren forma eta zeinuaren mugimendua deskribatzeko ikurrak baliatzen dituena. Horren antzera erabiltzen den beste sistema bat ere bada, zeinu-idazketa (Signwriting). Horretaz gainera, “glosak” ere erabiltzen dira; zeinuak letra larriz transkribatzen dira, eta aurpegi keinuak eta informazio gramatikala hitzaren gainean edo aurrizki gisara jartzen dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi webgune hauek: http://www.signwriting.org/, edo http://assets.cambridge.org/97805216/37183/sample/9780521637183web.pdf (‘conventions’ kapitulua), edo  http://www.sign-lang.uni-hamburg.de/projects/hamnosys.html

11

Non aurki dezaket zeinuen hizkuntzei buruzko informazio gehiago eta non ikasten ahal dut horietako bat?

Hoberena zenuke zure herrialdeko Gorren Elkartearekin harremanetan jartzea, zeinuen hizkuntza ikasteko klaseak non ematen dituzten jakiteko eta are hobeki ezagutzeko zertan den zure zeinuen hizkuntza nazionala. Europar Batasuneko gorren elkarteei buruzko argibide gehiago nahi baduzu, sartu Europako Gorren Batasunaren (EUD) web orrian: http://eud.eu/EUD_Members-i-159.html (mapa) eta Gorren Munduko Federazioan (WDF):  http://www.wfdeaf.org/members/ordinary-members/list-of-members

Eskerrak eman nahi dizkiegu Europako Gorren Batasuneko (EUD - www.eud.eu) Mark Wheatley eta Annika Pabschatal-i, atal hau egiteko eman diguten laguntzarengatik.