en  fr  cs  de  et  el  es  ga  hr  it  pl  ro  sq  sk  sl  sv  nn  sr  bs  lt  mk  lb  nl  hy  pt  tr  da  bg  fi  hu  ka  lv  eu  ca  ru  gl

Aro poliglotarantz

Hizkuntza bat baino gehiago menderatzea uste baino errazagoa da, dio Neil Madden-ek

 

Baten batek esanez gero “flisni me mua”, jakingo zenuke zer esan nahi duen edo zein hizkuntza den? 225 hizkuntza inguruk osatzen dute Europako hizkuntza-ondare aberatsa, ospatu beharreko zerbait, alegia. Hala ere, geure buruari galdetu beharko genioke ea gai garen gure ondoko (eta ez hain ondoko) herrialdetako biztanleen hizkuntzak ikasteko. Europar askok pentsatu arren elebakarra izatea normalena dela, benetan munduko biztanleen erdiak eta bi herenak elebidunak dira nolabait, eta asko eta asko "eleaniztunak", hots, hizkuntza batean baino gehiagoan dute gaitasuna (ulertu, idatzi edo hitz egiten dituzte...).

Eleaniztasuna izaera naturalagoa da gizakientzat, beraz, elebakartasuna baino. Milioika pertsonak uste dute ez dakitela beste hizkuntzarik ama-hizkuntzaz gain, baina, hala ere, askok dute nolabaiteko ulermen-gaitasuna beste hizkuntza batean. Nolanahi ere, gaur egun inoizko aukera handiena dugu beste hizkuntza bat ikasteko. Hizkuntzak ikastearen garrantzia nabarmentzeko, Europako Kontseiluak Hizkuntzen Europako Eguna (HEG) aldarrikatu zuen, irailaren 26an urtero ospatzeko. HEEren asmoa "eleaniztasuna" bultzatzea da, aspaldiko kontzeptu ezaguna.  Izatez, eguneroko errealitatea da afrikarrentzat eta asiarrentzat eta arauzkoa da Europako hainbat herrialdetan, hala nola Benelux, Eskandinavia eta Mediterraneo inguruko herrialdeetan. Horrek ez du esan nahi, ordea, beste hizkuntza bateko "jatorrizko hiztun"en maila eskuratzeak izan behar duenik gure helburua. Helburua da elkarren artean komunikatu ahal izatea eta elkar ulertzea gure beharrizanen arabera. Ingelesaren nazioarteko zabalkundeak geldiezina dirudi eta, inkesten arabera, ingelesez gaitasun-maila on bat lortzea lehentasuna da hizkuntza-ikasle gehienentzat (hirutik batek adierazten du elkarrizketa bat mantentzeko gai dela, Eurobarometroaren arabera).

Baina, ingelesaren helburua lortu eta gero, ez diogu hizkuntzak ikasteari utzi behar. Badira beste hizkuntza batzuk ere bizitzaren esperientzia bakoitzaz –lanez, bidaiez...– gozatzeko tresna baliotsuak direnak. Mundu globalizatu honen paradoxa gisa ulertu behar da hau: zenbat eta jende gehiagok eskuratu "lingua franca"n maila ona, orduan eta balio erantsi txikiagoa izango du ingelesak. Laster, hizkuntza gehigarriak mintzatzea izango da eskakizuna. Lan-munduan eta inguru akademikoan, ingeles-hizkuntzako jatorrizko hiztunek ama-hizkuntza menderatzeaz gain ingelesa ere menderatzen duten hautagaiekin lehiatu behar dute, eta, gainera, gero eta gehiago izango dira hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ezagutzen dutenak. Hizkuntza-gaitasunak onura ekonomikoak ekartzeaz gain, beste kultura eta portaera batzuetara zabaltzen laguntzen digu, errepresentazio-sistema desberdinetan jarduteko aukera ematen digu, eta gure malgutasun mentala piztu eta ikuspegi desberdinak sorrarazten dizkigu.
Beste hizkuntza bat ikasten dugunean, beste herrialde bateko pertsonak, kultura eta ohiturak hobeto ulertzeko aukera dugu. Beste kultura batzuetako pertsonekin komunikatzeko gai direnak izaten dira maiz toleranteenak. Ez dugu ahaztu behar, gainera, elebakarra izateak besteen hizkuntza-gaitasunaren eta borondatearen mende egotera garamatzala. Beste hizkuntza bat ikastea trebetasun bat hartzea baino zerbait gehiago da; gainerakoen identitatearekiko eta kulturarekiko errespetuzko jarrera bat erakusten du, bai eta aniztasunarekiko tolerantzia handiagoa ere.

Europako Kontseiluak programa bat sortu zuen atzerriko hizkuntza batean zein gaitasun-maila dugun neurtzeko. Hizkuntzen Europako Portafolioak hizkuntza-ikasleak motibatzea du helburu, hizkuntzaren maila guztietan ezagutzak handitzeko eta zabaltzeko orduan erakutsitako esfortzuaren aitortzaren bidez. Bereganatutako hizkuntza-trebetasunen erregistro bat da Portafolioa, eta kontsulta daiteke, adibidez, ikasketa-maila altuago bat eskuratzeko edo lanpostu bat lortzeko jatorrizko herrialdean edo atzerrian.  Autoebaluazio-koadro baten bidez, ikasleak beren trebetasunak –ulermena, irakurmena, ahozkotasuna eta idazmena– ebaluatu eta Europako sei mailatan sailka ditzakete. Estandar horiek Europako ziurtatze-erakunde garrantzitsuenek onartu dituzte, baita estatu kideek eta Europar Batasunak ere, zehazki Europass eskemaren zati gisa (trebetasunak gardenagoak eta estatu kideen artean konparatzeko modukoak izateko diseinatutako sistema). Hizkuntzen Europako Egunaren helburu nagusietako bat da hizkuntzak ikastea etengabeko prestakuntza-prozesua delako ideia berrestea. Heldu askok uste dute hezkuntza formala jaso zuten garaian ezin izan zutenez (edo ez zutenez nahi izan) beste hizkuntzarik ikasi, beranduegi dela prozesu horri ekiteko. Baina ez da hala. Europa osoan daude hizkuntza-trebetasunak/gaitasunak hobetzeko klaseak, programak eta teknikak (liburuak, CD-ROMak...).  Gehienetan "hizkuntzekiko beldurra" gainditzeko motibazioa da falta dena. Pertsona askok garatzen dituzte haien hizkuntza-gaitasunak eskola edo unibertsitateko ikasketak bukatu eta gero, eta ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu eskoletan hizkuntza ikastea betebeharra dela aukera bat izan beharrean. Kanpoko munduan murgiltzen hasten garenean, laneko edo aisialdiko arrazoiengatik, jabetzen gara beste hizkuntza batzuk ezagutzearen balioaz.
Eta gogoan izan ikasten den hizkuntza bakoitzeko errazagoa dela, gero, beste bat ikastea. Beraz, hasierako zailtasunak gainditu eta gero, ez izan zalantzarik, eta hungarierarekin zein kantonerarekin saiatu nahi baduzu, ekin lanari!

Zure hizkuntza-gaitasunak hobetu nahi badituzu eta Hizkuntzen Europako Egunari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, webgune hauek baliagarriak gertatuko zaizkizu:

www.coe.int/edl - Hizkuntzen Europako Eguna. Egunari buruzko informazioa dakar, ekitaldiak erregistratzeko atala eta beste hainbat iradokizun

-  www.coe.int/lang - the Language Policy Division, Europako Kontseilua, Estrasburgo

-  www.coe.int/portfolio - Hizkuntzen Europako Portafolioa  

-  www.ecml.at - Hizkuntza Modernoen Europako Zentroa (Graz, Austria) 

-  www.europass.cedefop.eu.int – The EU’s Europass site  

-  www.coe.int/minlang - Eskualdeetako edo Eremu urriko Hizkuntzen Europako Gutuna

Bide batez, hasierako galderaren erantzuna "hitz egin iezadazu" da, albanieraz.

Neil Madden freelance kazetaria da, eta Estrasburgon bizi da.